XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bertsolariek futbol partidua galdu antolatzaileen aurka. 3-2 emaitzarekin bukatu zen Antzuolako partidu ez-amistoso hau

Udan, inoiz baino lan gehiago izaten dute bertsolariek.

Ez dakit nongo festak direla... Badakit nongo santuaren eguna dela... Bertsolaria han izaten da kainoipean edozertarako prest eta hala ere, ezin kendu gainetik alferkeriaren San Benitoa.

Agian norbaitek esango du bertsolariek jan eta edan besterik ez dutela egiten.

Egia esan, jan eta edan gabe ez dago zer egiterik, pertsonak indarrean egon behar baitu zerbait egitekotan.

Dena den, ondo kontserbatzen saiatzen dira eta oraingoan kirolari ekiteari erabaki dute forma onean mantentzeko.

Sokatirarako koadrila ederra atera badaiteke ere, futbolean hasi zaizkigu.

Txirrita zenak burua altxako balu!

Ez da gezurra, ez.

Bertsolariek futbol partidu bat jokatu zuten, azken Txapelketa Nagusiko antolatzaileen aurka.

Farias eta Montecristo-ak ahaztu ziren une batez, mendiko haize garden eta garbia hartzera joan zirelarik.

Batzuk presa handia zuten airea hartzerakoan eta horretarako nahikoa izaten zuten sprint txiki bat egitea.

Haiek arnas hotsak! Uste dugu Toshack edo Kendall-ek hartuko balitu tenporada batetarako, bakarren bat Atletiko de Madrid-era bidaltzeko modukoa aterako litzaigukeela.

Horrela izanda ere, miloiak miloi, ez dakit inork joan nahiko lukeen, han ez bait dute bertsotan egiterik izango.

Partidu famatu hau Antzuolako polikiroldegian burutu zen, milaka ikusleek diferituan ikusi ahal izan zutelarik.

Eskerrak eman behar zaie bertako bertsozale eta batez ere baloi-biltzaileei egin zuten lanagatik.

Partidua ez zen amistosoa izan, nahiz eta lagunen artean jokatu.

Kristorenak eta bi jo zituzten, bai bertsolariek eta baita antolatzaileek ere.

Emaitza hiru eta bi antolatzaileen alde, baina hau ere argitu beharreko puntua dugu.

Bertsolari denak ez ziren puntual iritsi eta partidua jokalari gutxiagorekin hasi zen.

Gainera, entrenamendu falta ikaragarria nabaritzen zen, bakarren bat salbu.

Kaxo motel! Hemen natxiok.

Zer egin behar da? entzuten zen noizbehinka.

Dena den horretan ere eginez ikasten dela eta, mejoratzen joan ziren unetik unera.

Iritsi zen atsedenaldia eta izerdi latzak errekuperatzeko Codorniu baino gauza hoberik ez.

Hura zen dooping-a hura! A ze nolako bigarren denbora egin zuten! Golak bata bestearen atzetik etorri ziren hiru eta bi gelditu arte.

Denbora luzatu izan balitz enpatea ere lor zitekeen.

Beraz, gure mutilekin konta daiteke, ez pentsa...

Peñagarikano eta Telleria bertsolari ekipoko jokalari onenak.

Bertsolariak eta Txapelketaren eratzaileak argazki historikoan.